Txirrindularitza

Iker Gomezen taldea onena l´Eroica juniorren

Guaixe 2024ko api. 23a, 10:30
Selekzioa, sariekin. FEDERAZIOA

Espainiako selekzioko Hugo Alvarez liderrak irabazi zuen Italiako sterratoko proba ezaguna, eta selekzioa talde onena izan zen

Apirilaren 18tik 21era jokatu zen Nazioen Koparako baliagarria zen bigarren proba, L´Eroica juniorren lasterketa famatu bezain gogorra, Italiako sterrato famatuan, lur gainean, jokatzen dena. Lehen eguneko taldekako erlojupekoaz eta errepide sektore laburraz gain, beste hiru etapa zituen probak, eta euria eta eguraldi petralagatik hirugarren etapa bertan behera utzi zuen antolakuntzak. 

L´Eroican lehiatu zen Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra (Quesos Albeniz), Espainiako selekzioarekin. Selekzioaren helburua orain arte Guidoko Klasikoan eta Paris-Roubaixen egindako lan onarekin jarraitzea zen, eta baita lortu ere. Hector Alvarez liderrak irabazi zuen L´Eroica, eta Espainiako selekzioa izan zen talderik onena, tartean Iker Gomez zegoela. 
 
Hector Alvarezek garaipena lortzeko, beste behin, Iker Gomez gakoa izan zen. Azken etapan Alvarezek atzetik jo zuen erasoa, aurrean zeudenak harrapatzeko. Gomez geratu egin zen, bere liderrak aurreko taldearekin bat egitea ahalbideratzeko. Aurrekoak harrapatuta, Alvarezek erritmo jarraitu ezina ezarri zuen, eta gutxika atzean utzi zituen faboritoak. Orn-Kristoffek lortu zuen garaipena eta Alvarez hirugarren izan zen, baina sailkapen orokorra irabazi zuen. Espainiako selekzioa izan zen talderik onena. 

Iker Gomez ikusgarri aritu zen. Apirilaren 19an ihes eginda egon zen, eta Alvarrez liderrarendako ezkutari fina izan da. 

Juniorrak Etxeberrin
Maiatzaren 1ean, asteazkena, junior mailako Lacturale Trofeoa jokatuko da. Lasterketa 10:30ean abiatuko da, Etxeberritik, Lacturale granjatik, eta 89,100 km osatu ondoren Goldaratzen despedituko da. Tartean Madotzetik Zuarrarrate gainditu beharko dute.