Pilota

Joseba Ezkurdiaren ezina

Guaixe 2024ko api. 22a, 10:27
Ezkurdiak burumakur bukatu zuen.

Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkan bigarren porrotarengatik ia ezinezkoa dauka txapelketan aurrera egitea

Buruz Buruko Txapelketako A multzoan Joseba Ezkurdiak Javi Zabalaren kontra jokatu zuen apirilaren 20an, larunbata, Labriten. Partida hil ala bizikoa zen bi pilotariendako, biak Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako lehen partida galtzetik zetozelako. Tamalez, hasieratik bukaerara gailendu zen errioxarra, eta 22-11 gailendu zen, Ezkurdiaren zoritxarrerako. Partidan nagusi izan zen Zabala, hasieratik dominatu zuen, eta ezinean aritu zen, aldiz, Ezkurdia, sufritzen eta ezin gozatuz. Egun beltza izan zuen arbizuarrak, eta burumakur zegoen, bere buruarekin haserre, izan zituen aukerak ere ez zituelako ongi probestu. “Sentsazio txarrekin eta haserre noa etxera. Ez naiz partidan sartu ere egin. Aurkariei aukera asko ematen dizkiet, eta horrela ezinekoa da” azaldu zuen. 

Bi partida galduta, Joseba Ezkurdiak ia ezinezkoa du Buruz Burukoan aurrera egitea. Elordi izango du aurkari azken jardunaldian, maiatzaren 5ean, Bilbon, baina, nahiz eta irabazi, mirari bat beharko luke finalerdietara sailkatzeko. Aldiz, bizi-bizirik iritsiko da Zabala final laurdenetako hirugarren jardunaldira, Artolaren kontrakora. Partida maiatzaren 4an jokatuko da, Iruñean. 

Zabaleta, lanera
Buruz Buruko B multzoan, apirilaren 28an Altuna III.ak eta Zabaletak hil ala biziko partida jokatuko dute Eibarren. Bi pilotariak lehen jardunaldian galtzetik datoz (Zabaletak 17-22, Darioren kontra, eta Altunak 7-22 Laso ikusgarriaren kontra). Hortaz, jokoan dagoen puntua urrezkoa da. Beste partida lehen jardunaldiko irabazleek jokatuko dute, Lasok eta Dariok, apirilaren 27an, Labriten.