Astekoa

Bizitza "DESnaturalizatzen"

Erabiltzailearen aurpegia Josune Azpiroz Imaz 2024ko api. 22a, 08:53

Esan genezake, denok edo ia denok, negua pozez agurtzen dugula eta udaberria beso zabalik hartzen dugula. Neguko loalditik esnatu eta eguzkiko lehen izpiak gogoz hartzen ditugu. Esnatze hori naturarekin batera egiten dugu eta denoi gustatzen zaigu lehen loreak ikustea, inguruko mendiak nola hasten diren berdetzen  ikustea… askotan horraino iristen da naturarekin dugun harremana.

Geroz eta ohikoagoa da natura eta animaliarik gabeko haurtzaroak izatea, landarerik gabeko etxeak. Lau pareta artean geroz eta denbora gehiago pasatzen dute haur eta gazteek… zer pasatzen ari da naturarekin dugun berezko loturarekin?
Ikerketek diotenez, 25 urtetik beherako gazteek eta haurrek urte horietatik gora dituztenek baino denbora erdia pasatzen dute naturan. Azkar esaten da, gero...

Adituak, metafora bat bezala, "natura gabeziaren nahasmenduari" buruz hitz egiten hasi dira.
Horien artean, 'Louv'-en Basoko azken haurrak liburuan. Ez da diagnostiko berri bat, baizik eta gizakiok naturarekin harremanetan ez egoteagatik ordaintzen eta ordainduko dugun prezio altua deskribatzeko balio duena.

Naturan geroz eta denbora gutxiago pasatzen dute haurrek eta are gehiago, pantailen aurrean. Natura, pantaila edo autoko kristaletik ikusten dugu, ez badugu autoan ere pantailarik begiratzen. Orduan ere ez.

Honek guztiak ondorio zuzenak izango ditu gure osasunean. Gaixotasun fisiko eta mentalak izateko arrisku gehiago, arreta mantentzeko zailtasunak, miopia eta abar. Besteetan bezala, azken hausnarketa, mendira joaten zara ala besteak mendira nola joaten diren pantailaren bidez ikusten duzu?