Futbola

Etxarri Aranatz lider jarri da

Guaixe 2024ko api. 24a, 11:20
Etxarri Aranatz.

Erregional mailako 26. jardunaldian Etxarriren garaipenak lidergoa eman dio eta Lagun Arteak, aldiz, estropezu egin zuen Sanduzelain

Gizonezkoen Erregional mailako laugarren multzoan 26. jardunaldia jokatu zen, jardunaldi gazi-gozoa talde sakandarrendako. 

Etxarri Aranatzek Arga Ibaia taldea hartu zuen San Donato zelaian eta etxarriarrak hasieratik partida erabakita uzteko gogoz zelairatu ziren. Bigarren minuturako Mattin Altzelaik Etxarri aurreratu zuen. Bi taldeen arteko lehiak jarraitu zuen, baina atsedenaldira arte ez zen aldaketarik egon. Bigarren zatian Etxarriren nagusitasuna azaleratu zen, Mattin Karasatorrek beste bi gol sartu zituelako, hat trick ikusgarria lortuz. Garaipenari esker, lider jarri da Etxarri. 

Lagun Artea, aldiz, esku hutsik itzuli zen Sanduzelaitik. San Jorgek eta Lagun Arteak partida lehiatua eskaini zuten. Goiko postuengatik borrokan zegoen San Jorge, eta lehen zatia bukatu baino lehen gola sartu zuen; horrela, Iruñeko taldea abantailarekin joan zen atseden hartzera. Bigarren zatian bigarren gola sartu zuen San Jorgek, baina Sael Ozoriak 2-1 gerturatu zuen Lagun Artea eta talde lakuntzarra partidan sartu zen. Berdinketagatik borrokatu zuten lakuntzarrek, baina azken minutuan San Jorgek hirugarren gola sartu zuen eta 3-1 gailendu zen Iruñeko taldea. 

Sailkapena
Etxarri Aranatz da erregional mailako laugarren multzoko lider berria (54 puntu), baina sailkapena oso estua da, San Jorge bigarrenak 53 puntu eta Mutilvera C hirugarrenak 53 puntu dituelako. Lagun Arteak zortzigarren jarraitzen du (39 puntu). Apirilaren 27an, larunbata, sailkapenean seigarren den Rotxapea B taldea izango du aurkari Etxarri Aranatzek, 19:00etan, El Irati futbol zelaian. Lagun Arteak, aldiz, apirilaren 28an, igandea, hirugarrena den eta lidergoagatik borrokatzen ari den Mutilvera C hartuko du Zelai Berrin, 11:00etan.