Astekaria

"Diskoa nolabait zauriekin egina dago; gure mobidekin"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko api. 23a, 13:50
Haritz, Gaizka eta Euken, Haizkan taldeko kideak. UTZITAKOA

Gaizka Lanas, Haritz Goikoetxea eta Euken Perez lagunekin batera, Haizkan taldea sortu zuten, Urdiainen, duela lau urte. Lehenengo diskoa kaleratu dute: 'Zauriekin'.

Pandemiaren koarentenaren ondoren Haritz Goikoetxea baxu jotzailea eta Gaizka Lanas gitarra jotzailea elkartu ziren. Lehenengo entsegu horretan zerbait sortzeko ideia atera zen eta "pixkanaka" maizago elkartzen hasi zirela azaldu du Lanasek. Euken Perez bateria jotzaileari proiektuan parte hartu nahi zuen galdetu, eta baietz esan zuen. Hiru urdindarrek Haizkan taldea sortu zuten duela lau urte. Duela pare bat urte Etsi EPa kaleratu zuten, eta orain bederatzi abestiz osatutako diskoa kaleratu dute: Zauriekin. Diskoa Urdiaingo Kaluxan eta Altsasuko Arkangoan eros daiteke.

Nolakoak izan ziren hasierak?
Haritz eta biok hasi ginen eta lehenengo entseguan ez genuen gauza handirik egin, baina gutxienez ideia atera zen eta pixkanaka elkartzen hasi ginen. Letra batzuk atera genituen, oso gutxi, melodiaren bat egin genuen, eta konturatu ginen maila ez zela oso ona, egia esan. Gero Eukeni hastea eskaini genion, eta baietz esan zuen. Hirurak gaztetxean entseatzen hasi ginen, gaztetxekoei galdetu genien bertan entseatu ahal izateko, eta pixkanaka-pixkanaka hasi ginen. Gero udalari entseatzeko lokal bat eskatu genion eta hor salto bat izan zen guretzat; entseguak pixka bat serioagoak ziren, beste helburu batzuekin.

Eta nolakoak izan dira urte hauek?
Bidea polita izan da, baina adin honekin, esan nahi dut, gazteak gara, 20 urterekin hasi ginen, baina ez da 16 edo 18 urterekin bezala talde bat egiten duzula, eta ateratzen dena. Momentuz ongi goaz. Zortea izan dugu hirurak urdindarrak garelako, eta bakoitzak instrumentu bat jotzen duelako. Aurrera.

Kantak grabatzen joan zarete, ezta?
Hiru abesti kaleratu genituen. Berez ez genekien singleak izango zirela. Betiko estudioan grabatu genituen, Beran, diru aldetiketa ez gaudelako oso ongi. Esan genuen, grabatuko ditugu, kaleratu, eta etorkizunean beste zerbait kaleratzeko aukera badugu diskoa egingo dugu. Eta horrela izan da. Disko bat grabatzeak kostu handia dauka, guretako are gehiago, oraindik ikasten eta lanean gaudelako.  Gure estudioarekin zortea izan dugu. Xumea da, eta Maikelek ongi tratatzen gaitu alderdi guztietan.

Noiz iritsi zen diskoa grabatzeko momentua?
pixka bat erritual antzeko bat da berari abestiak erakustea. Lokalera etortzen da eta gurekin jotzen du. Berak esan zigun hobetu dugula eta hemen edo hor beste zerbait egingo zuela. Berak ere badu bere estilo propioa eta horrek laguntzen digu gauzak argiago ikusten. Erabaki genuen baietz, diskoa grabatzeko prest geundela, eta joango ginela. Baina niri buruan sartu zitzaidan bederatzi abesti nahi genituela, eta abesti batekin hasi nintzen. Hiru astetan bukatu genuen, eta pixka bat berde bagenuen ere, ondo atera zen. Lurperatuak abestia da, diskoaren laugarrena.

Nolakoa da sortze prozesua?
Hitza konplikatua da, oso abstraktua. Hasiera letra batekin has gaitezke, eta esaten duenarekin abesti batera bideratzen dugu. Nire kasuan, gitarrarekin gustuko ditudan melodiekin hasten naiz eta pixkanaka sortzen joaten naiz. Abestiak Haizkanek egiten ditu, hirurak batera egiten ditugu. Haritzek letra politak egiten ditu, eta, adibidez, nik esaten diet zerbait sortu dudala, ea iruditzen zaien. Lokalean entseatzen dugu eta bakoitzak bere ideiak sartzen ditu. Eukenek esan dezake bateriak tutupa egin beharrean tupa egin dezakeela. Horrelako gauzak; horrela ibiltzen gara. Motel ibiltzen gara, ez da bakoitzak bost abesti eramaten dituela eta horietatik aukeratzen dugula.

Eta diskoa grabatzea nola izan da?
Oso ondo pasa nuen, baina konturatzen zara ez duzula pentsatzen zenuen bezain ondo kantatzen edo gitarra ez duzula hain ondo jotzen. Maikelek esaten zuen: "Altuago!". Guay egon da. Pozik gaude Maikelek  esan zigulako asko hobetu dugula, nabaritzen dela abestiak landuagoak daudela eta oso gustura ibili ginen. Txandaka grabatzen dugu: Euken bateriarekin hasten da, gero Haritz bajuarekin eta gero nik gitarrarekin eta ahotsarekin bukatzen dut. Gero koroak. Ongi, oso gustura. 

Zer kontatzen du diskoak?


"Kritika sozialari buruz hitz egiten dugu, politika, baita maitasuna ere"
GAIZKA LANAS

Letrak pertsonalki egin ditugu, ez dugu horrela gai bat jarri edo zerbaiti buruz hitz egin. Haritzek letrak egiten dituenean berak pentsatzen duen moduarekin idazten ditu, baita nik ere. Kritika sozialari buruz hitz egiten dugu, bakoitzak bere esperientziarekin nola bizi dituen gauza horiek. Politika pixka bat ere sartu dugu, hala nola hizkuntza eta Gazako sarraskia. Baita maitasun pixka bat ere badago. Diskari Zauriekin deitu genion Haritzek esan zuelako nolabait diska zauriekin egina zegoela, bakoitzaren mobidekin. Azkeneko abestia, Hegan, nire gauza pertsonala zen; Maikeli eskutitza idatzi nion, eta sartu nahi nuen. Rap moduko bat egin nuen.

Nola duzue agenda?
Baditugu kontzertu batzuk, oraindik ez ditugu iragarri, baina Lazkaoko festetan joko dugu Sukena eta Unidad Alvesa nahiko goian dauden bi taldeekin; Azpeitian, Ermuan eta Txantrean ere egongo gara. Beste toki batzuetatik ere deitu digute, baina datak koinziditzen dute. Pozik gaude.